Xabier Arzalluz
Xabier Arzalluz Antia[1] (Azkoitia, 1932ko abuztuaren 24a - Bilbo, 2019ko otsailaren 28a) gipuzkoar politikaria izan zen. Euzko Alderdi Jeltzalearen militantea gaztetatik eta Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izan zen 1980-1984 eta 1987-2004 urteetan.
Bere alderdiaren baitan egondako krisialdirik larrienaren protagonista izan zen, Eusko Alkartasunaren sorrera ahalbidetu zuena. Bestela, karisma handiko buruzagia izan zen haren ibilbide osoan zehar, politikari espainiazaleekin ika-mika asko eduki izan zituena.
Heziketa
Jesusen Konpainian sartu zen 1967an, baina hiru urte besterik ez zen barruan egon. Salamancako Unibertsitatean Zuzenbidean eta Filosofian lizentziatu eta ondoren Zuzenbide politikoan espezializatu zen. Hasieran abokatuen bulegoaren lana eta militantzia politiko klandestinoa EAJn bateratu egin zituen, baina azkenean politika hobetsi zuen.
Trantsizioa
Espainiako Trantsizio Demokratikoan paper garrantzitsua eduki zuen bai alderdi jeltzalearen barruan baita Kongresuan ere, izan ere 1977an diputatu izendatu zuten Madrilen, bertatik bertara Konstituzioaren sorrera segitu zuelarik. Hala ere, bi urte geroago kargu hura laga zuen eta EAJren buruzagitza nagusira iritsi zen 1980an, Carlos Garaikoetxea ordezkatuz.
Banaketa
1984 arte EBBren agintari gorena izan zen, eta tartean Garaikoetxearekin edukitako tira-birak eta barneko arazoak zirela-medio alderdi jeltzalearen barruan historian inoiz izandako krisialdirik sakonena gertatzen ari zen, 1986an alderdi berri bat sortzera ekarri zuena, Eusko Alkartasuna alegia.
Hurrengo urteetan EAJk indarra mantendu zuen batez ere Bizkaian eta Araban, hainbat botoemaile nazionalista Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian EArantz lerratuz joan ziren bitartean.
Lizarra-Garazi
Alderdi Popularrak Espainian izandako agintaldiak (1996-2004), bereziki bigarren zatian, tentsio handia eragin zuen Euskal Herrian, eta Jose Maria Aznar eta Xabier Arzalluzen arteko ika-mikak ugariak eta famatuak egin ziren. Giro horren barruan, EAJk hainbat alderdi eta eragilerekin batera Lizarrako Akordioa sinatu zuen 1998an, eta horrek Arzalluzen alderdia eta Ezker Abertzalearen arteko harreman estuagoak erraztu zituen.
2003an Auzitegi Nazionalaren aginduz itxitako "Euskaldunon Egunkaria" kazetaren alde beste hainbat pertsona famaturekin batera eratutako babes taldea osatu zuen ere bai, besteak beste.
Heriotza
Xabier Arzalluz 2019ko otsailaren 28an zendu zen, 86 urte zituela. Aste bat lehenago iktus bat izan zuen, eta ordutik bere egoerak okerrera egin zuen. Bere Bilboko etxean hil zen, goizez, azken egunak familiaren ondoan igaro ondoren.[2] EAJk arratsaldeko laurak inguruan zabaldu zuen albistea bere webgunean eta sare sozialetan.[3] Bere heriotzak erreakzio ugari eragin zituen euskal panorama politikoan, baita hortik haratago ere.
Heriotzaren ondorengo bi egunetan gorpua Bilbaina ehorztetzeko beilatokian ezarri zuten (Bilboko Begoña auzoan), eta politikari ugari igaro ziren bertatik senideei doluminak adierazteko. Hileta elizkizuna martxoaren 2an egin zen Azkoitian, Arzalluzen jaioterrian, Andre Mari Jasokundearen parrokian. Elizkizunera goi mailako ordezkaritza politikoa joan zen, bai Euskal Herriko agintariak (Iñigo Urkullu, Uxue Barkos eta Bakartxo Tejeria buru) bai Euskal Herriko, Katalunia eta Galiziako alderdien eledunak, eta gizarte arloko zenbait pertsona ere bertaratu ziren. Alderdikideek eta jarraitzaileek autobusak antolatu zituzten zenbait herritatik, eta jende ugarik jarraitu zuen elizkizuna elizaren kanpoaldetik megafonia bidez.
Felix Azurmendi herriko parrokoak osorik euskaraz emandako mezan Arzalluzek Euskal Herriaren alde egindako lana goraipatu zuen, eta meza amaitzean Xabier Euzkitzek lau bertso eskaini zizkion. Elizkizunaren ondoren hilkutxa ikurrina korridore batean zehar atera zuten, eta bertan bildutako ehunka herritarrek Eusko gudariak abestu zioten, askoren negar artean. Hurrengo goizean familiak Galdakaon ehortzi zuen gorpua, Arzalluzen nahiari jarraiki, bere bizilekuan. Martxoaren 10ean EBBk eta familiak elkarlanean antolaturiko oroimen meza ospatu zen Bilboko San Bizente Martiriaren elizan.
Erreferentziak
- ↑ Abizenak horrela idaztea euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Artzallus edo Artzalluz onartu ditu deitura horren grafiatzat. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia.
- ↑ «'Herri izaeraren perspektiba beti izan du presente'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
- ↑ EAJ-PNV. (2019T07:25). «Xabier Arzalluz zendu da. Pertsona, jeltzale eta abertzale aparta joan zaigu. Une latza eta gogorra bere senide, lagun eta alderdikide guztientzat. Goian Bego!pic.twitter.com/QMS1ctrSs5» @eajpnv (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
Bibliografia
- "Arzallus: Así fue". Javier Ortiz. Tres Cantos: FOCA, 2005. ISBN 978-84-95440-43-3.
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Xabier Arzalluz |
Aurrekoa Karlos Garaikoetxea |
EBBko presidentea Fitxategi:Logopnv 4 (1).jpg 1980ko urtarrilaren 18a - 1984ko urtarrilaren 18a |
Ondorengoa Roman Sudupe |
Aurrekoa Jesus Insausti Uzturre |
EBBko presidentea Fitxategi:Logopnv 4 (1).jpg 1987ko urtarrilaren 18a - 2004ko urtarrilaren 18a |
Ondorengoa Josu Jon Imaz |
- 1932ko jaiotzak
- 2019ko heriotzak
- Euskadi Buru Batzarreko presidenteak
- Bizkai Buru Batzarreko presidenteak
- Deustuko Unibertsitateko irakasleak
- Gipuzkoako politikariak
- Jelkideak
- Azkoitiarrak
- Salamancako Unibertsitateko ikasleak
- Gipuzkoako apaizak
- Euskal Herriko apaiz ohiak
- Euskal Herriko jesuitak
- Xabier Arzalluz
- Bilbon hildakoak
- Istripu zerebrobaskularrak hildakoak