Txinako Harresi Handia
Txinako Harresi Handia | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Txinako Herri Errepublika |
Txinako probintzia | Hebei |
Koordenatuak | 40°25′N 116°05′E / 40.42°N 116.08°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | K.a. 700(e)ko hamarkada |
Arkitektura | |
Materiala(k) | kareharria |
Dimentsioak | 4,5 () m × 21.195 () km gutxienekoa: 5 () m batezbestekoa: 7 () m gehienez: 8 () m |
Bisitariak urtean | 16.000.000 |
Webgune ofiziala | |
Txinako Harresi Handia[1] (txinera tradizionalez:
Antzinako txinatar estatuek hainbat harresi eraiki zituzten K.a. VII. mendearen hasieratik[3], eta gerora Qin Shi Huang (K.a. 220 - K.a. 206) Txinako lehen enperadoreak tarte hautatuak batu. Atal gutxi geratzen da Qinen harresi hartatik.[4]. Geroago, elkarren segidako dinastia askok mugako harresi zati ugari eraiki eta mantendu zituzten. Harresiaren tarte ezagunenak Ming dinastiak (1368 – 1644) eraiki zituen.
Ustea zabalduta badago ere, Harresi Handia ezin da espaziotik ikusi, eta are gutxiago Ilargitik[5].
Bere balio arkitektoniko handia, garrantzi historiko eta estrategikoarekin alderatu daiteke soilik. Harresi Handia Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk 1987an.
Historia
Harresia Qin dinastiako Lehenengo Enperadorearen garaian hasi zen erakitzen. Mila urteren buruan eraikitako hainbat horma luzatzearen emaitza da; Ming dinastiaren garaian amaitu zen eta gaurko egoera garai hartakoari dagokio.
Lau eraberritze nagusi izan ditu mendeetan zehar:
- Qin dinastiarena K.a. 208 urtean.
- Han dinastiarena II mendean.
- Bost dinastien eta hamar erresumen garaiarena (1138-1198)
- Ming dinastiarena 1368an. 8.850 km-ko luzera zuen (gaur egun 6.259 km daude zutik).
Qin dinastia aurreko garaia
K.a. VIII. mendean, "Udaberrien eta udazkenen garaia" deritzonaren hasieran, Txinak sistema feudala zuen indarrean. Lurraldea printzeek zuzendutako ehunka feudo edo estatutan banatzen zen, teorian Zhou dinastiako erregeen agindupean bilduta. Baina, denborarekin, feudo hauek batzen joan ziren, K.a. VI. mendean printzerri handiak eratuz. Horietako batzuk Chu eta Wu izan ziren. Horrela, Txina erresuma independente indartsuetan zatitua gelditu zen: Erresuma gudukarien aroaren hasiera izan zen.
Garai hartan, hainbat estatuk harresiak eraikitzeko konpromisoa hartu zuten, alboko eta atzerriko herriengandik babesteko. Honela, K.a. V. mende inguruan Qi estatua harresi bat eraikitzen hasi zen, oraindik ere atal batzuk zutik mantentzen direnak. K.a. IV. mendea erdialdean Wei estatuak, bere mendebaldeko mugan, Qitik gertu, beste harresi bat eraikitzen hasi zen. Gerora, Yan eta Zhao estatuek imitatu egin zituzten.
Garai hartako harresiak buztin-hormak ziren, non lur edo buztinezko geruzak bata bestearen gainean ezartzen ziren, zurezko junturak kenduz. Metodo honekin azkar eraiki zitezkeen horma sendoak, mendeetan iraun ahal zutenak.
Qin dinastiaren garaia
K.a. 221ean Qin Shi Huang erregeak aurka zituen estatu guztiak konkistatu zituen eta Txina bateratu zuen, Qin dinastia ezarriz. Botere zentrala inposatzeko eta jaun feudalen berpiztea eragozteko asmoarekin, bere inperioa zatitzen zituen muga zaharretako harresiak suntsitzea agindu zuen. Iparraldeko Xiongnu tribuen erasoen ondoren, Meng Tian jenerala bidali zuen Xiongnuak garaituak izan zitezen ziurtatzeko. Ondoren, Ibai Horitik haratago harresi bat eraikitzeko agindu zion, konkistatutako lurralde berriak hobeto babesteko. Harresi honek, iparraldeko muga berrian zehar zeuden gotorlekuak lotuko zituzkeen. Eraikuntzarako beharrezko material ugari garraiatzea zaila zenez, eraikitzaileek tokian tokiko baliabideak erabili zituzten, hala nola harriak mendietan eta lur zapaldua ordokietan.
Ez dago erregistro historikorik Qin dinastiako harresiaren luzera eta trazadura zehatza adierazten duenik. Baina historialarien artean eztabaida egon arren eta gertaera historikorik egon ez arren, Qin dinastiak eraikitako Harresi Handia herri irudimenean mantentzen da, "Hamar mila li-ko harresia" ezizena duen lan kolosala bezala (Qin dinastiako li balioan 5.760 km inguru).
Han dinastiaren garaia
K.a. 210ean. Qin Shi Huang enperadorea hil zen, eta sortu zuen dinastiak urte gutxi baino ez zuen iraun. K.a. 202an. Liu Bang-ek nekazari jatorriko soldadu ohi batek bere burua enperadore izendatu zuen Han Gaozu izenarekin. Xiang Yu jeneralaren aurkako bere aurreko oinordetza-gerrak ahulduta, Gaozuk Qin dinastiako Harresiaren mantenua utzi zuen. Baina Xiongnutarrak, orain konfederazio batean elkartuta, muga mehatxatzen hasi zirenean, Gaozuk, Qin Shi Huangen antzera hormak erabiliz eraso egin beharrean, bakea lortzen saiatu zen omenaldiak eta "batasun harmoniatsua" (heqin) erabiliz, hau da, Xiongnu buruzagientzat txinatar printzesaz hornitzea. Hainbat hamarkadatan gauza bera egingo zuten haren ondorengoek. Harresi Handia, ordea, ez zegoen erabat utzita: Han Wudi enperadorearen agindupean, gomendatu zitzaion tuntian mugak (kokaleku militar-nekazari motak) ezartzea harresi txikiz babestuak, eskualdea kolonizatzeko eta Xiongnu erasoaldiak eragozteko.
K.a. 134an. Xiongnu eta txinatarren arteko statu quo hautsi egin zen eta, bere arbasoek ez bezala, Han Wudik, Xiongnu konfederazioaren aurka erasotzea erabaki zuen. K.a. 129an hasi zuen lehen erasoa eta ondoren beste asko egin. Wudik, Qin dinastiaren harresiaren zatiak berrezarri eta konektatu zituen, eta ondoren, Zetaren Bidea bihurtuko zenaren errepidez hedatu zuen. K.a. 119an Xiongnuak, Barne Mongoliako Gobi basamortuan zehar kanporatuak izan ziren, eta gaur egun mantentzen den 400 km luzeko harresi zati berri bat eraiki zen.
Hiru Erresumen garaitik (220) Yuan dinastiaren amaieraraino (1300) harresiak ez zuen aldaketa eta hedapen handirik izan, higatutako sektoreak berreraikitzetik haratago. Eraikitze garai txikiak nabarmentzen dira V. mendetik VII. mendera eta XI. mendetik XIII. mendera.
Ming dinastiaren garaia
Harresi Handia kontzeptu bezala berriro berpiztu zen Ming dinastian, Oiratek Tumuko guduan 1449an txinatar armada garaitu ondoren. Mingtarrek ez zuten garaipen argirik izan eta estrategia berri bat hartu zuten tribu nomadak hiriburutik urrun mantentzeko, Txinako iparraldeko mugan zehar harresiak eraikiz.
Aurreko gotorlekuetan ez bezala, Ming dinastiaren eraikuntza indartsuagoa eta landuagoa izan zen, adreiluak eta harria erabili baitziren lur zapalduaren ordez. Urtetan izandako mongoliarren inbasioen ondorioz, baliabide dezente bideratu ziren hormak konpondu eta indartzera. Pekin hiriburutik gertu dauden Ming atalak bereziki sendoak eta erresistenteak dira.
Ming dinastiaren amaieran, Harresi Handiak inperioa defendatzen zuen mantxu inbasioaren aurka, 1600 inguruan zena. Yuan Chonghuan-en aginte militarraren pean, Ming armadak mantxu aurrerapena blokeatu zuen Shanhaiguan pasabide gotortuan, Txinako bihotzean sartzea eragotziz. Mantxuak, azkenean, Harresi Handia zeharkatzeko gai izan ziren 1644an, Wu Sangui jeneralak Shanhaiguan pasabideko ateak ireki zituenean. Wu Sangui jenerala Shun dinastiako gobernarien jardueren aurka zegoen, denbora labur batez Ming dinastiaren oinordekoa izan zena. Mantxuek berehala okupatu zuten Pekin, eta sortu berria zen Shun dinastia eta gainontzeko erresistentzia garaitu zituzten, Qing dinastia ezartzeko.
Qingtarrak gobernari zirela, Mongolia inperioari atxiki zitzaion eta, beraz, Harresi Handiaren eraikuntza eta honen konponketak eten egin ziren, beharrezkoak ez zirelako.
Ezaugarriak
Harresia igarotzen den probintziak, udalerriak eta eskualde autonomoak honako hauek dira (alfabetikoki, egituraren adarkadurak ez baitu jarraipena egiteko aukerarik ematen): Gansu, Hebei, Henan, Hubei, Hunan, Jilin, Liaoning, Mongolia, Barne Mongolia, Ningxia, Pekin, Qinghai, Shaanxi, Shandong, Shanxi, Sichuan, Tianjin eta Xinjiang[6].
Ming dinastiaren harresia ekialdeko muturrean abiatzen da, Shanhai pasagunean, Qinhuangdao, Hebeiko probintzian. Bederatzi probintzia zeharkatu ondoren, mendebaldeko ertzean amaitzen da Jiayu pasabidean, Gansu probintzian. Jiayu pasabidea Zetaren Biderako atea zen. Harresia haraino iritsi arren, zaintza dorreak Zetaren Bidean zehar segitzen dute. Harresiaren eraikuntza prozesuan, bertan lan egiten zuten langileak inguruko lapur eta gaizkileen mehatxupean zeuden eta asko hil ziren han; horregatik, askotan Harresi Handiari munduko hilerririk luzeena esaten zaio.
Luzera
Harresia oso luzea da, 6.400 km baititu. Beste datuen arabera 8.851 omen ditu guztira, horietatik 2.331 naturalak (mendiak eta ibaiak) eta beste 359 lubakiak[2].
Beste ikerketa arkeologiko baten arabera, horma osoak, bere adar guztiekin, 21.196 kilometro liuze da[7], nahiz eta % 30 bakarrik egon ikusgai.
Ate nagusiak
Ate edo pasabide nagusiak:
- Shanhai pasabidea (
山海 關 ) edo "ekialdeko pasabidea". Gotorleku hau, Harresi Handiaren ekialdeko tartearen muturretik gertu dago. - Juyong pasabidea (
居 庸 關 ) edo "ipar pasabidea", Badaling aldean. Harresiaren atal horrek guardia asko izan zituen Pekin hiriburua defendatzeko. Harresi Handiaren harrizko zati hau 7,8 m garai eta 5 m zabal da. - Jiayu pasabidea (
嘉 峪關) edo "mendebaldeko pasabidea". Gotorleku hau Harresi Handiaren mendebaldeko muturretik gertu dago. - Yang pasabidea (
陽 關 ) edo “eguzki pasabidea”
Materialak
Ming dinastiaren garaian, eraikuntza lekuaren inguruan aurkitzen ziren materialak erabili ziren harresia egiteko. Pekin inguruan kareharria erabili zen. Beste leku batzuetan granito edo adreilua erabili ziren. Funtsean, buztinezko eta hareazko horma luze bat zen, adreiluz edo harriz estalia. Horrek oso sendo bihurtu zituen setio-armen inpaktuen aurka.
Qin dinastia garaiko harresiaren materialari dagokionez, lehengaia lur eskuragarritasunaren araberakoa da eta zaintza-dorreen, kuartelen eta pasabideen diseinua eta kokapena berriz, eskualdearen konfigurazio fisikoak eskaintzen zituen abantaila estrategikoetan oinarrituta. Hormak legar birrinduz eta kanaberaz osatutako geruza txandakatuetan eraiki ziren, eta buztinez estali higaduratik babesteko eta eskalatzeko zailagoa egiteko.
-
Han dinastia garaiko harresiaren xehetasuna (Gansu probintzia). Buztina (lur gordina) eta legarra ihiz armatua.
-
Han dinastia garaiko harresiaren xehetasuna (Pekin udalerria). Buztin egosizko adreiluak, arroz-ahiz nahastutako kareorearekin.
Dorreak
Zaintza dorreak eta gotorlekuak eraiki ziren harresiaren luzera osoan, edo zuzenean hormetan integratuak, Xiongnu eraso bat eragozteko ke seinale sistema batekin. Indarberritzekoak azkar irits zitezen, armadak argia erabiltzen zuen, batez ere zalditeria deitzeko. Harresi Handia merkataritza bide nagusietatik igarotzen zen ere, eta horrek aukera ematen zion inportazioak kontrolatzeko. Dorre bakoitzak eskailera bakarra eta sarbide zailekoa du, etsaia nahasteko moduan. Kuartelak eta administrazio-zentroak distantzia-tarte handiagora kokatu ziren. Harresiaren luzera gehiengoan almenak daude goiko lerroan, 30 cm garai inguru eta 23 cm zabal inguru diren babes-hutsarteekin[8].
Defentsa
Garaiko ohizko armez gain, arma bereziak garatu ziren harresiaren defentsarako. Gaur egun hauen erreplikak harresian erakusten dira.
Egoera
Turistek bisitatzen dituzten hormaren zatiak egoera egokian mantendu dira, edo eraberritu egin dituzte, baina leku askotan harresia etxeak eraikitzeko harrien iturri izan denez, hondatuz joan da[9]. Zati batzuk grafitiz bete dira eta beste batzuk besterik gabe bota egin dituzte azpiegiturak egin ahal izateko. Txinako hainbat hiri eta probintziatan, ondarea babesteko legeak egiten ari dira.
Harresiaren mendebaldeko tarte asko buztinez eraiki zirenez, adreiluz eta harriz eraiki beharrean, higadura handiagoa jasaten dute[9]. Adibidez, Gansu probintziako harresiaren 60 kilometro baino gehiago gal litezke datozen 20 urteetan, hondar ekaitzek eragindako higaduraren ondorioz. Leku horietan, harresiaren garaiera bost metro baino gehiagotik bi metro baino gutxiagora murriztu da. Harresiko irudi ospetsuenen ezaugarri diren zaintza-dorreak erabat galdu dira bertan.
Mitoak
Ilargitik ikusgai
Harresia Ilargitik (385.000 km) ikus daitekeelako ideia oso ezaguna da, baina ezinezkoa.
Mito horri buruzko erreferentziarik ezagunenetakoa William Stukeley ingelesak 1754an idatzitako gutunean agertzen da. Stukeley-k idatzi zuen "Harresi sendo hau [Hadrianoren Harresia], laurogei milia [130km] luze dena, Txinako Harresiak baino ez du gainditzen, zeinak Lurreko globoan irudi zoragarria den eta Ilargian antzeman daitekeen."[10] Baieztapena Henry Norman-ek ere aipatu zuen 1895ean, "Bere adinaz gain, ospea du gizakiek egindako lan bakarra izatea Ilargitik ikusi daitekeena." Norman, Henry, The Peoples and Politics of the Far East, 215 or. (1895).[11].
Askotan gezurtatu izan da Harresi Handia ilargitik ikus daitekeelako baieztapena[5], baina oraindik ere herri kulturaren errotuta dago oso[12]. Adibide gisa, Harresi Handiak Ilargitik duen itxurazko zabalera 3 kilometrora ikusitako giza-ile ba bezalakoa izango litzateke[13].
Irudiak
-
Harresi Handia Badaling inguruan.
-
Badaling.
-
Badaling.
-
Jiayuguan inguruko atala, mendebaleko muturrean.
-
Simatai eta Jinshanling artean.
-
Egunsentia.
-
Harresi Handiaren ekialdeko muturra, Bohai itsasoan.
Erreferentziak
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- ↑ a b Nagore Irazustabarrena Uranga. (2009ko azaroaren 08a). Harresi Handia, handiagoa. Argia.
- ↑ (Ingelesez) The New York Times. The New York Times Guide to Essential Knowledge: A Desk Reference for the Curious Mind. , 1131 or. ISBN 978-0-312-64302-7..
- ↑ (Ingelesez) Encyclopædia Britannica. Great Wall of China. .
- ↑ a b (Ingelesez)Urban Legends.com website. Sartze-data 2010-5-12.
(Ingelesez)"Can you see the Great Wall of China from the moon or outer space?", Answers.com. Sartze-data 2010-5-12.
(Ingelesez) Cecil Adams, "Is the Great wall of China the only manmade object byou can see from space?", The Straight Dope. Sartze-data 2010-5-12.
(Ingelesez)"Is China's Great Wall Visible from Space?", Scientific American, 2008-2-.8. - ↑ (Frantsesez) UNESCO
- ↑ Great Wall of China even longer than previously thought. Canadian Broadcasting Corporation 2012-6-6.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Torre de defensa de la Gran Muralla» www.nationalgeographic.com.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-12).
- ↑ a b Nagore Irazustabarrena Uranga. (2015eko abenduaren 27a). Txinako Harresi Handia txikitzen ari da. Argia.
- ↑ "This mighty wall [Hadrian's wall] of four score miles [130 km] in length is only exceeded by the Chinese Wall, which makes a considerable figure upon the terrestrial globe, and may be discerned at the Moon." The Family Memoirs of the Rev. William Stukeley (1887) Vol. 3, 142 or. (1754).
- ↑ "besides its age it enjoys the reputation of being the only work of human hands on the globe visible from the Moon"
- ↑ "Metro Tescos", The Times (Londres), 2010-4-26. The Times wegunean. Sartze-data 2010-5-12.
- ↑ López-Gil, Norberto. «Is it Really Possible to See the Great Wall of China from Space with a Naked Eye?» Journal of Optometry 1 (1): 3–4. doi: . PMC 3972694. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008-9-10).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- NASAko Lurraren Behatokiko Harresi Handiaren irudia
- Harresi Handia
- Harresi Handiaren irudiak
- Hiri kondairak ezeztatzen Harresi Handia ez da espaziotik ikusten
- Harresi Handia espaziotik ikusten da (Estatu Batuetako astronauta baten baieztapenak)